XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egibar: Atentatuak direnean HBrekin hitzegitea are beharrezkoagoa da

Ajuria Eneako bilerara joateko libre sentitzen dela dio Oliverik

Joseba Egibar EAJko bozeramaleak uste du atentatuak egiten segitzea ez dela HBrekin hitzegiteko oztopo izan behar.

Atentatuak direnean HBrekin hitzegitea inoiz baino beharrezkoagoa da, orduan HB ahulagoa delako esan zuen atzo.

Corcuerak ukatu egin zuen Gobernua EAJ bitartekari gisa erabiltzen ari denik ETArekin negoziatzeko.

Luze hitzegin zuen Egibarrek Gasteizko Legebiltzarreko pasiloetan EAJ eta HBk elkarrizketarako ireki duten bideari buruz, eta iragarpen honek sortu dituen erantzunen gainean.

Egibarrek uste du ETAk atentatuak egiten dituenean, HB ahultzen dela eta une hori elkarrizketatzeko aprobetxatu behar dela.

ETAk azken asteetan egin dituen atentatuak indar dinamikari dagozkio bere ustez, eta egoera hori dela eta, alderdi politikoak hitzegin behar dutela pentsatzen du.

Alderdiok daukagu zeresanik, bai gure artean, eta baita HBrekin ere esan zuen.

Orain arte atentatuak egiten diren bitartean HBrekin ez zegoela hitzegiterik adierazi dute behin eta berriro Ajuria Eneako itunkideek, baina orain Egibarrek uste du hori dela hain zuzen ere HBrekin hitzegiteko unerik egokiena.

Atentatuekin HB ahuldu egiten da eta orduan da hitzegiteko garairik onena ziurtatu zuen atzo Egibarrek.

Koalizio abertzalearekin hitzegiteko proposamen honek ikuspuntu ezberdinak sortu ditu Ajuria Eneako alderdietan.

Batzuen ustez, PSE eta EA esate baterako, kolokan jartzen du Ajuria Eneako Mahaia, baina ez ordea Egibarrentzat.

Elkarrizketa prozesu hau ez da itunaren berrirakurketa bat.

Elkarrizketatzea eta akordioak lortzea bi gauza ezberdin dira, eta hitzartzeko Ajuria Eneako itunkideen oniritzia behar da zehaztu zuen.

Inazio Oliveri Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, aldiz, uste du EAJren jarrera ez datorrela bat Ajuria Eneako Itunarekin.

Jeltzaleen jarrera aldaketa honek hitzarmenaren baliorik ezaren agiria da seinalatu zuen.

Itunaren hurrengo bileretara joango denenetz ez du oraindik erabaki EAko buruzagiak.

Ituneko sinatzaile modura gauza bat esan behar dut -erantsi zuen Oliverik- joateko libre sentitzen naizela, har litzaketen erabakiak betetzeko bezala.

HB ETA ALDERDIAK.

Egibarren esanetan, EAJk ez du Ajuria Eneako Itunaren izenean hitzegingo koalizio abertzalearekin.

Gu ez gara hitzarmeneko ordezkariak izango, HBrekin hitzegingo dugu, beste alderdiek egin duten bezala esan zuen.

Jose Luis Corcuera ministroak ukatu egin zuen Espainiako Gobernua EAJ bitartekari gisa erabiltzen ari denik ETArekin negoziatzeko.

EAJren subiranotasun politikoa errespetatzen duela eta alderdi jeltzaleak Ajuria Eneako Itunari begirunea diola gaineratu zuen.

Elkarrizketarako data ez dago zehaztuta.

HB barne hautaketa prozesuan dago apirila arte eta prozesu hori amaitzean izan daiteke elkarrizketen txanda.

Badirudi KASek kontrolatuko duela HBko Mahai Nazionala, eta jakin nahi dugu zeinek eta zer ordezkatzen duen HBn adierazi zuen Egibarrek.

HBrekin elkarrizketa prozesuan sartzea arriskutsua izan daitekeela aitortu zuen jeltzaleak, baina arrisku guztien gainetik gizarteak bakea eskatzen duela azpimarratu zuen.

Oliverirentzat aldiz, elkarrizketa hauen asmoa beste bat litzateke.

EAkoak esan zuen EAJk Gipuzkoan duen egoera zailari irtenbidea asmatzea dela jeltzaleen helburua.

Duela bi hilabete normalkuntza politikoaz eztabaidatzeko HB Ajuria Eneako bilerara gonbidatzea proposatu genuen, eta EAJ aurka azaldu zen.

Gu beti HBrekin harremanak normalizatzearen alde egon gara, baina oraingoan EAJk nahi duena Gipuzkoako egoerari irtenbidea ematea baino ez da esan zuen Oliverik.

Xabier Gurrutxaga EUEko bozeramaleak ontzat eman zituen EAJ-HB elkarrizketa.

HBrekin bakeari buruz hitzegin daiteke, atzean boto mordo bat duelako.

Haatik ETArekin ezin daiteke desagerpenaz hitzegiteko ez bada esan zuen.